BURUNTZALDEA IKT

... herria iturri, ehundaka igerilarik sortutako olatua...

2007-2018

ASTEBURUKO LEHIAKETAK | COMPETICIONES DEL FIN DE SEMANA

2018/03/06

KRONIKA: INFANTIL MAILAKO EUSKAL HERRIKO NEGUKO TXAPELKETA

11 URRE, 10 ZILAR, 16 MARKA HOBEKUNTZA, TALDEKO 6 ERREKOR BERRI eta ERRELEBUETAKO 3 MARKA BERRI Tolosako Infantil mailako Euskal Herrikoan
  • Guzti honetaz gain, Espainiako Udarako Txapelketarako bi errelebuko gutxieneko marka egin dituzte neskek, 4x200 eta 4x100 librean, lehendik zuten 4x100 lau estloetakoaz gain
Asteburu bikaina azken hau ere!! Tolosan ospattako Euskal Herriko infantil mailako Neguko Txapelketan ematza paregabeak lortu dituzte gure taldekideek, benetan maila bikaina erakutsiz eta lehiakortasun jator baina aldi berean sutsu bat erakutsiz. Lehiaketa honetan Lander Sorozabal aritu da mutiletan eta nesketan berriz Nerea Santos, Aintzane Sarobe, Paula Sevillano eta Ainhoa eta Leire Martín ahizpak. Benetan bikain aritu dira seirak!! Zorionak!!


Lander Sorozabal igandean ezin, eta larunbateko bi saioetan aritu zen bakarrik. Bi saio horietanko lehenengoan, larunbat goizean, benetan gogor aritu zen 400 librean. Proba honetan, Landerrek 4:32,18 egin zuen, bere aurreko marka 10 segundutan hobetuz eta tartean 200 libreko marka ere onduz (2:13,97). Larunbat arratsaldez 2:27,88 egin zuen lau estiloetako 200 metrokoan. Azken honetan Lander laugarren izan zen eta 400 librean berriz, zazpigarren.

Nerea Santos ikaragarri aritu da asteburu osoan. 400 librean 5:07,46 egin zuen aurreko marka 6 segundu hobetuz, 200 librean 2:25,25 arreko marka 5 segundu baino gehiagotan hobetuz eta, proba onenean, 800 librean, sekulako 10:04,67a egin zuen, tartean larunbat goizean ondu zuen 400 libreko marka 9 segundutan hobetuz pasean (4:58,32). Azken proba hau benetan ikusi eta gozatzekoa izan zen. Nerearen kasuan, aurrerapausu nabarmena ematen ikusi dugu txapelketa honetan eta ibilbide horretan jarraitzea espero dugu. Zorionak Nerea!

Nerearen adinekoa den Aintzane Saroberi buruz beste horrenbeste esan behar dugu. Banakako probatan, burututako 3 probatako 3 markak hobetzea lortu du Aintzanek. Bizkar estiloko 200 metroetan 2:39,61 egi zuen, 100 librean 1:03,81 eder bat eta 50 librean 29,84. Banakako probak alde batera utziz, Aintzaneren benetako maila errelebuetan ikusi dugu, bere burua estutzeko erraztasun gehiago duen probatan. Estilo libreko 4x200ean eta lau estiloetako 4x100 errelebuetan benetako marka sendoak egiten ikusi dugu Aintzane, lehenengoan 2:17,97 egiten eta bigarrenean 1:01,92. Ea pixkanaka errelebuetan egiten gai den hori banakako probatara eraman dezakegun. Zorionak!!


Paula Sevillano bere ohiko probatan aritu zen. Estilo libreko 400 metrokoan 4:34,74rekin bere marka berdintzea lortu zuen, 200ean 2:11,69rekin eta 800 metrokoan 9:24,42rekin bere lehengo markak ontzea lortu zuen. Burututako hiru probatan Paula oso maila altuan aritu zen eta Infantil mailako Neguko Espainiako Txapelketa prestatzera begira maila onean dagoela erakutsi zuen. Azken bi marka hauekin, Paulak taldeko 15 urteko errekor berriak ezarri zituen.

Leire Martín ere bikain aritu zen eta ohi bezala, mota guztietako probekin ausartuz. Bere ohiko 100 eta 200 bizkar probaz gain, 200 bular proban ere hartu zuen parte, beneta marka bikaina lortuz. Bizkar estiloko 100ekoan 1:04,79 egin zuen Leirek, 200 metrokoan berriz 2:17,25ekin bere aurreko marka hobetzea lortu zuen eta 200 bular proban bere aurreko erregistroa birrindu egin zuen 2:40,05 marka eginez. Leirek 50, 100 eta 200 bizkar probatan taldeko errekor berriak ezarri zituen.

Azkenik, Ainhoa Martín etengabeko hobekuntzan aurrera egiten ikusi genuen.  Estilo libreko 400 metroetan Paularen atzetik sailkatu zen bere aurreko marka 8 segundutan hobetuz eta 4:40,16 eginez. Lau estiloetako 200 metrokoan sekulako 2:23,17a egin zuen Ainhoak, aurreko marka 3 segundutan hobetuz eta 15 urteko eta absolutu mailako taldeko errekor berriak ezarriz. Bular estiloko 100 metrokoan, 1:13,67 eginda, marka ez zuen ondu baina erabat nagusi izan zen sailkapenean Ainhoa.


Dominak eta garaikurrak
Hauek izan ziren gure taldekideek lortutako dominak:

Urreak
Leire Martín-ek 100 bizkar, 200 bizkar eta 200 bular probatan
Paula Sevillanok 400 eta 800 libean
Ainhoa Martín-ek 100 bular eta 200 estiloetan
4x200 estilo libreko errelebuak (Paula, Aintzane, Ainhoa eta Leire)

Zilarrak
Paula Sevillanok 200 librean
Ainhoa Martín-ek 400 librean
4x100 estilo libreko errelebuak (Aintzane, Leire, Paula eta Ainhoa)
Lau estiloetako 4x100 errelebuak (Paula, Ainhoa, Leire eta Aintzane)

Errelebuetako marketan aurrera
Atal honetan sekulako hobekuntza ematen ari da neska infantilen taldetxoa. Aurreko asteburuan hiru errelebuetan podiumean egon zen eta lau estiloetako 4x100 errelebuan Neguko Infantil mailako Espainiako Txapelketarako gutxienekoa lortu zuten gainera.


Asteburu honetan, errelebu hori bera, partehartzaile berdinek segundu eta erdian hobetu dute eta horretaz gain beste biak (4x100 eta 4x200 estilo librean) asko hobetu dituzte, Neguko Espainiakorako gutxienekotik segundu eskasera geratuz eta Udarakorako gutxienekoa lortuz. Horretaz gain, 3 errelebuetako markak taldeko marka berriak dira eta ez infantil mailan bakarrik, baita absolutu mailan ere.

Marka berriak honela utzi dituzte Aintzanek, Paulak, Ainhoak eta Leirek: estilo libreko 4x200ekoa 8:51,98an, 4x100ekoa 4:06,60an eta lau estiloetako 4x100a 4:31,00an. Ikaragarria!! Zorionak neskak!!

ELKARBANATU | COMPARTELO

0 iruzkin | comentarios :

Argitaratu iruzkina

Argitaratu iruzkin bat | Publica un comentario

AZKEN HILABETEAN IKUSIENA | LO MAS VISTO DEL ULTIMO MES

IKUSIENAK | LOS MAS VISTOS