NAHIA ZUDAIRE TOKIOKO PARALINPIAR JOKOETAN

Egutegia:

· 200 lau estiloak: abuztuaren 28a, larunbata, 9:00-11:35 Tokion (2:00-4:35 BIKTn)
· 400 librea: abuztuaren 31, asteartea, 9:00-11:35 Tokion (2:00-4:35 BIKTn)
· 100 tximeleta: irailaren 3a, ostirala, 9:00-11:35 Tokion (2:00-4:35 BIKTn)

Estekak:



Kirol Kontseilu Gorenak (CSD) eta Espainiako Paralinpiar Batzordeak (CPE), uztailaren 14an, abuztuaren 24tik irailaren 5era bitartean izango diren Tokioko Joko Paralinpikoetara joango diren 135 kirolariren zerrenda argitaratu zuten, eta horien artean dago Nahia Zudaire gure igerilaria.

Otsailean Bartzelonan lortutako 400 libreko B gutxienekoak, Funchaleko Europako Txapelketako emaitza bikainek eta Berlingo World Series-etan lortutakoek, Tokyorako behin betiko zerrendan egoteko balio izan diote Nahiari.

Berarentzat lehen Paralinpiar Jokoak izango dira eta ahalik eta gehien gozatzea espero dugu. Uste dugunez, Nahia absolutu mailako errekorrak dituen 400 librean, 100 tximeletan eta 200 lau estilotan lehiatuko da.

Bi diploma Nahiarentzat Tokioko Paralinpiar Jokoetan

400 librean eta 100 tximeletan 4. postuan sailkatu zen Nahia

Bikain aritu da Nahia Tokion, bere lehen Paralinpiar Jokoetan. Munduko onenen artean aritu da gure taldekidea eta bi diploma eskuratzea lortu du, bietan laugarren sailkatuz. Ikaragarri harro gaude gure taldekideak egindakoarekin.

Paralinpiar Jokoek, lehiaz gain, badute aurrez kudeatu beharreko hainbat gauza: bertan izatearen emozioak kudeatzea, gogoak, bidaiak, leku berrira egokitzea, Paralinpiar herrian kokatu, joan-etorriak, ibilaldiak, irekiera ekitaldiak, aurkezpenak, ... Hori guztia lehian izateari berari batu behar zaio kirolari bat horrelako maila goreneko lehia batean murgiltzen denean.

Nahiak bere lehen esperientzia izan du egoera honetan eta adinez oso ondo harrapatu du, izan ere 17 urte ditu Nahiak eta adin honekin bizi izandako esperientziak eta lortutako emaitzek, ziurrenik, 2024an Parisen aurrerapausoa emateko balioko diote Nahiari. Parisen 20 urte izango ditu Nahiak eta jada lehen esperientziaren zakua betea izango du. Hemendik aurrera bertan egon ahal izateko lanean berriro ere hastea baino ez da geratzen.

Tokioko lehiari berari dagokionez, Nahia 200 lau estiloak, 400 librean eta 100 tximeletan aritu zen. Bere parte-hartzea ez zuen ondo hasi Nahiak, izan ere 200 lau estiloetako proban, bular estiloko zatian, borondatez tximeleta ostikada egitea egotzita deskalifikatu egin baitzuten. Hasera gazi-gozo horrek sortzen duen amorruari ondo eusten jakin zuen Nahiak eta 400 librean bikain lehiatu zen laugarren postua eskuratuz eta horrekin batera bere lehen olinpiar diploma lortuz.

Azken proban, 100 tximeletan, denok adi-adi izan gintuen, azken metroetararte hirugarren postuan mantendu zen arren, azkenean laugarren sailkatu zen proban. Bere bigarren olinpiar diploma eskuratuz, proba honekin amaitu zuen bere parte-hartzea Nahiak.

Zorionak egindako txapelketagatik Nahia!
Oso harro gauzkazu! Burunpower!

Harremanetarako

Whatsapp-a: 696 506 632
Email-a: info@buruntzaldeaikt.eus
Telefonoa: 696 506 632

Jarrai gaitzazu
Lege Oharra eta Pribatutasun Politika

Kluba