Xedea, Ikuspegia eta Balioak
Xedea, zer garen
ORIA-URUMEAKO BURUNTZALDEA IGERIKETA KIROL TALDEA (Buruntzaldea IKT) irabazi asmorik gabeko elkarte pribatua da, zehaztu gabeko iraupenekoa, berezko nortasun juridikoaz eta bere helburuak betetzeko jarduteko gaitasunaz hornitua.
Soin hezkuntza eta kirol zientziatan oinarrituta IGERIKETA eta IGERIKETA EGOKITUAren eta berauetatik eratortzen diren beste kirolen praktika garatzea eta bultzatzea du helburu, TRIATLOIA bezalako bestelako kirol modalitateak ere barneratuz.
Klubak bere egitekoa Lasarte-Orian eta Andoainen garatzen du eta igeriketa hezkuntzaren ikuspegitik, erabilgarritasunaren ikuspegitik, jarduera fisikoaren ikuspegitik, osasunaren ikuspegitik edo kirol errendimenduaren ikuspegitik garatu nahi duen haur, gazte eta helduei zuzendua dago, euskararen erabilpena ere bultzatuz eta oinarrizko hizkuntza bezala erabiliz.
Ikuspegia, zer izan nahi dugun
Eskualdeko taldearen izaera sendotu nahi dugu igeriketaren praktika gehiago zabaldu eta gure igerilari kopurua handitzeko. Horretarako zuzendaritza talde sendoa eratu nahi dugu.
Guraso eta igerilarien beharrak edo espektatibak ezagutu nahi ditugu eta aldi berean gure langileen lan baldintzak hobetu eta lan jardunaldiak osatu. Azken honetarako diru iturri pribatu berriak bilatu nahi ditugu, bai klubetik sor daitezkeen negozio edo jardueren bidez eta baita patrozinioetatik eratorri daitezkeenen bidez ere, modu horretan diru publikoarekin daukagun menpekotasuna murrizteko.
Guzti honekin, kirol mailan, Gipuzkoa zein Euskal Herriko Kluben Arteko Kopan lehiakor izatea lortu nahi dugu, taldea handitu eta sendotzearen lehen pausu bezala.
Balioak, ikuspegia nola lortu nahi dugun
Euskara
Klubaren jarduera osoan euskeraren lehentasunezko presentzia eta erabilera.
Hitzezko zein idatzizko komunikazioan, gizarte sareetan, web orrialdeko komunikatuetan, telefono bidezko arretan. Lehen hitza euskeraz egiten dugu. Ahobizi gara!
Inklusioa
Pertsona oro bere izatean onartu eta berdintasunean taldean barneratzea.
Taldean genero, gaitasun edo izaera ezberdineko pertsonak klubeko entrenamendu-talde ezberdinen parte dira.
Talde lana
Partaideen arteko elkarrenganako beharra eta elkarren bidezko laguntza helburuen lorpenetan.
Entrenamenduetako egiturak, talde deiadarra lehiaketetan, elkar animatzea, lehiatu aurreko edo ondorengo bostekoak, …
Diziplina
Helburuen lorpenerako beharrezko esfortzu, saiakera eta antolaketa izatea.
Entrenamendu/lehiaketetarako asistentzia, talde zein banakako ekintza ezberdinetarako esfortzuak, betebeharrak, …
Apaltasuna
Edozein egoeraren aurrean errespetuzko jarrera izatea (jokabide kodea).
Arerioari eskua eman, zoriondu, biraoak ez egin, ez iraindu, ez gestikulatu… jokabide txarren aurrean jarrera irmoak erakutsi.